• 61 saltokitan erabili ahal izan diren bonoen inpaktua honakoa izan da: 822€ itxialdian irekita egon diren saltokietan eta 2183 € itxialdian itxita egon direnetan.
  • Ibilbidea herritar eta merkatariekin era partekatuan egiten jarraitze aldera, lehen kanpaina honen iritzia nahi du eskuratu Udalak. Horretarako galdetegi bat zabaldu du www.lazkao.eus web orrian.
  • Galdetegia: https://labur.eus/niklazkaon

Lazkaoko Udalak Covid-19ak eragindako pandemiaren ondoriozko egoerari aurre egin eta bertako saltokiei laguntze aldera, ‘Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?’ kanpaina jarri zuen abian ekaina hasieran. Udal arduradunek adierazi dutenez, “oso arrakastatsua izan da”. Guztira 3000 bono jarri ziren salmentan, lehen txandan 2000 eta izandako arrakastari jarraiki bigarren txanda batean beste 1000 bono, eta 400-dik gora herritarrek (Lazkaotar, zein kanpoko) erosi zituzten; bataz beste 7 bono eta erdi bakoitzak.

Bonoen %81 itxialdian itxita egon diren establezimenduetan erabili dira: %30 arropa dendetan, %18 zerbitzuetan (ileapaindegi eta fisioterapia zerbitzuak nagusiki), eta %32 bestelako dendetan.

61 saltokitan erabili ahal izan diren bonoek 90.000 euroko eragin ekonomikoa izan dute herrian; jada likidatu dituzte merkatariek Udalean bono ia guztiak. Kanpainak izan duen bataz-besteko inpaktua honakoa izan da: 822 € itxialdian irekita egon saltokietan eta 2183 € itxialdian itxita egon direnetan.

Iñaki Estensoro Garapen Ekonomikoko zinegotziak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei kanpainan izan duten parte-hartzeagatik: “herriko establezimendu eta negozioek, jarduera ekonomiko eta enplegu sortzaile izateaz gain, herria bizirik mantentzen laguntzen dute. Herritarrok, gure eguneroko erosketak herrian burutzean, etorkizunean ere horrek horrela izaten jarrai dezan laguntzen dugu. Gutariko bakoitzaren esku dago beraz, hein batean behintzat, herriko saltokiak gure kaleetan jarraitzea. Bono-kanpainarekin, Udalak hartu dituen beste hainbat neurri sozial eta ekonomikoen artean, herriko ehun ekonomikoa mantendu eta sustatzea lortu nahi dugu. Ale txiki bat da, Covid-19ak hain gogor kolpatu duen gure herriko ekonomia suspertzeko”.

Udalak, herriko ehun ekonomikoaren aldeko konpromezuarekin jarraitzeko asmoa agertu du. Ibilbidea herritar eta merkatariekin era partekatuan egiten jarraitze aldera, bonoen kanpaina honen inguruko iritzia nahi du eskuratu Udalak. Horretarako galdetegi bat zabaldu du www.lazkao.eus web orrian: https://labur.eus/niklazkaon. Irailaren 20a bitarte egongo da zabalik galdetegia betetzeko aukera.

IMG 9063