San Prudentzio ermita Armentian jaiotako Santuari eskainia da. Ermita bi errege bideren artean dago, Olaberria, Idiazabal eta Ataun eta Nafarroara doazen bide artean.

San Prudentzio ermita Erdi Aroan eraiki zuten. Lazkaon dugun ermitarik garrantzitsuena da eta herrian dagoen lehen elizatzat jo ohi da, egungo parrokia baino zaharragoa izanik. X eta XI. mendeetan herria bere inguruan bildu zuen eraikina da. Garai hartan elizak, herritarrak bildu eta beraien arteko harremanak sendotzeko eraikitzen ziren.

Aldarearen erdian Kristoren irudi handi bat dago zintzilik eta honen atzeko aldean San Prudentzioren irudia duen erretaula polikromatu bat, ezkerreko erretaulan berriz, XIV. mendeko birjina bat dago magalean Jesus haurra duelarik.

San Prudentzio herriko zaindari dugu eta urtero herriko festak apirilaren 28an ospatzen dira santu honen ohorez.

sanprudentzio