Herriguneko festak amaituta, Lazkaomendiko festen txanda izango da asteburuan. Larunbatean eta igandean dituzte festak auzoan. Honako egitaraua prestatu da bi egunetarako (deskargatu egitaraua).

San Prudentzio festetan egindako etenaren ondoren, zine emanaldiak berriro hasiko dira asteburu honetan Arerian. Helduntzako saioetan "Manchester frente al mar"  filma ikusi ahalko da, eta haur eta gaztetxoentzako saioetan "El bebe jefazo".

Zine emanaldiak maiatzaren amaiera arte egongo dira. Aurten haurrei zuzendutako saioak ere maiatzaren bukaera arte luzatuko dira. 

2017ko ekitaldiari dagokion Iparra-Hegoa lankidetza programak antolatu eta garatzeko diru laguntzak emango ditu aurten ere Lazkaoko Udalak. Ekainaren 14ra arteko epea dago eskaerak egiteko. Eskaeraren imprimakia udaletxean aurkeztu beharko da, eskatzen duen erakundea ordezkatzeko lege-gaitasuna duen pertsonak sinatuta eta proiektu bakoitzari buruzko informazioa behar bezala beteta. Eskaera imprimakia udaletxean edo lazkao.eus helbidean eskura daiteke.

Lazkaoko Udaleko Berdintasun Batzordeak eraso sexistei aurre egiteko protokoloa egin du. Halako protokolo baten beharra ikusi zuten batzordean, eta teknikarien eta Goierriko Zubia kolektiboarekin elkarlanean osatu dute. Hainbat eredu kontuan hartuta, Lazkaora egokitzen dena egin dute elkarrekin. Jaietako lehen asteburuaren ondoren, gaur hasiko den bigarren txanpan ere Lazkaoko Udalak eraso guztiak gaitzesten dituela gogoratu nahi da.

Eraso sexistez eta sexu-orientazioa edo genero-nortasuna oinarri duten erasoak hartu dituzte kontuan protokoloa idazteko.

Hemen eskuratu daiteke protokoloa.

San Benito Ikastolako ikasleak izan dira aurten ere San Prudentzio festetako egitarauko azala egiteko lehiaketan parte hartu dutenak. DBHko 3. mailako ikasleek diseinatu dituzte azalak, binaka, taldean, edo banaka, eta guztira 65 izan dira parte hartu duten ikasleak. 38 lan aurkeztu dituzte sariketara.

Korrontzi eta Oin Arin dantza taldeek emanaldia egingo dute maiatzaren 19an, ostirala, Lazkaon, Areria kultur gunean. Bi saio izango dira, lehena 19:00etan eta bigarrena 22:00etan. Bi ikuskizunetarako sarrerak udaletxean daude salgai, 7 euroan.

Korrontzi eta Oin Arin:

  • Noiz: maiatzak 19, ostirala
  • Emanaldiak: 19:00etan eta 22:00etan
  • Non: Areria aretoan
  • Sarrerak: udaletxean, 7 euroan

 

 

Iritsi dira aurtengo San Prudentzio festak. Bihar, ostirala (apirilak 21), hasiko dira festak, eta maiatzaren 7ra arte (igandea), bukatuko dira. Herrigunean izango dira ekintza nagusiak apirilaren 21etik maiatzaren 1era arte, eta hurrengo asteburuan, maiatzaren 6an eta 7an, Lazkaomendin.

Beste urte batez, egitarau oparoa antolatu da herriko elkarteen laguntzarekin eta partaidatzarekin, herritarrek eta kanpotik bisitan datozenek ahalik eta gehien gozatu dezaten (ikusi egitaraua hemen klikatuta: egitaraua)

Aurten ere Lazkaoko Udalak mozorro lehiaketa antolatu du San Prudentzio festen barruan. Mozorro desfilea eta lehiaketa egingo dira, eta bertan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez udaletxean. Bihar, asteazkena, apirilak 19, amaituko da izena emateko epea. Parte hartu nahi duten lagunek izen emate orria udaletxean utzi behar dute. Larunbatean, apirilak 22, da mozorro eguna.

San Prudentzio festak direla eta, plaza alboko aparkalekua hustuta egon behar da astearte arratsalderako. Beraz, astelehenetik aurrera bertan autorik ez uzteko eskatzen da.

 

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi digunez, estolderiaren gaineko tasak hemendik aurrera BEZ-a izango du. Neurri honek gaur egun estolderiagatik ordaintzen den kopuruan eraginik izan ez dezan, estolderiaren gaineko tasa murriztea erabaki du Lazkaoko Udalak. Beraz, BEZ-aren aplikazioak suposatuko lukeen %10eko igoera gerta ez dadin, estolderiaren gaineko tasa %10 jaistea erabaki du udalak.

Aste Santuko opor egunen bueltan, honako ordutegia izango dute Lazkaoko udal liburutegiak, udaletxeak eta Joxemiel Barandiaran kiroldegiak:

LIBURUTEGIA:

  • Apirilak 10-11-12 (astelehenetik asteazkenera) ohiko ordutegia, 16:30etik 20:00etara
  • Apirilaren 13tik 17ra (ostegunetik astelehenera) itxita.
  • Apirilaren 18tik 21era (asteartetik ostiralera) goizez, 10:00etatik 13:00etara.

UDALETXEA:

  • Apirilaren 13tik 17ra (ostegunetik astelehenera) itxita.
  • Gainerako egunetan ohiko ordutegian, goizez eta arratsaldez.

KIROLDEGIA:

  • Apirilak 13 eta 14 (osteguna eta ostirala) eta apirilak 17 (astelehena) 09:00etatik 13:30era.
  • Apirilak 15 eta 16 (larunbata eta igandea) itxita. Bi egun hauetan Ordiziako Majori kiroldegia erabili ahal izango dute Joxemiel Barandiaran kiroldegiko bazkideek, 08:30etik 14:00etara bitarteko ordutegian. Majori kiroldegira joandakoan agiri identifikagarri bat erakutsi beharko da, bertako langileek bazkideen zerrendan bilatu ahal izateko.
  • Haurren igeriketa ikastaroa izan ezik, gainerako ikastaro guztiak normaltasunez emango dira.

 

Aitorpena Euskarari kanpainarekin bate gin du aurten ere Lazkaoko Udalak. Euskaraz egiten diren errenta aitorpenen kopurua haztea da helburua, errenta aitorpenaren kanpainan iaz baino herritar gehiagok deklarazioa euskaraz egin dezan.

Kanpainaren barruan, oinarrizko informazioa biltzen duten esku orriak banatuko dira etxez etxe, eta herriko toki jakin batzuetan ere eskuragarri jarri dira. Lazkaoko datuei dagokionez, errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopuruak gora egin du azken urteetan. 2009an, deklarazioen %15.52 egin ziren euskaraz, 2012an %22.15 izan ziren eta 2015ean %27.01.

Euskaltzaleen elkarteak, liburutegi publikoek, liburu dendek eta udalek elkarlanean martxan jarritako jegitasmoa da Irakurri, gozatu eta oparitu proiektua. Irakurzaletasuna bultzatzea eta literaturarekin gozatzea eta gozaraztea da helburua. Orain arte bezala, Lazkaoko Udala, udal liburutegia eta Gerriko liburu denda egitasmoa parte hartzen ari dira. Maiatzaren 31n amaituko da proiektua.

Willson&Willsonetis taldeak ostiralean, apirilak 7, Arerian egin behar zuen kontzertua bertan behera geratu da. Dagoeneko sarrerak erosi dituztenek udatxelean itzuli ditzakete. Sarreraren dirua itzuliko zaie denei.

20. Korrika Euskal Herrian barrena dabil euskara lau haizetara zabaltzen. Lazkaora larunbat goizean iritsiko da, baina aurretik hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Bihar, osteguna, 15:00etan, Korrika Txikia egingo dute, eta jolasak ondoren.

Ostiralean buruhandiak egongo dira 17:30ean eta larunbatean 07:30ak alderako dago aurreikusita Korrika Lazkaora iristea.

Azken urteetan modu espontaneoan haziz joan da San Prudentzio jaietako mozorro egunean karrozen, ibilgailuen eta jaimen erabilera; eta horrekin zarata arazoak eta istripuak gertatzeko arriskuak ere bai. Horregatik, aurtengo mozorro egunerako horrelako zein elementu erabiliko den aurreikuspena egin nahi da, zerrenda bat osatu eta zein nuerri hartu behar diren eta zein baliabide bidereatu behar diren zehazteko.

Festak denontzat festa izan daitezen, guztion inplikazioa behar da. Horregatik, zuen laguntza eskatzen da. Jaima edo karroza erabiltzeko asmoa baduzue, bete izen emate orria eta utzi udaletxean ostirala baino lehen. Izen emate orria udaletxean bertan ere eskura daiteke.

Lemniskata elkarteak antolatuta, "CAF, mende bat burdinbidearen zerbitzura" erakusketa ikusi daiteke ostiralera arte kultur etxeko erakusketa aretoan. 15 paneletan banatuta, CAFen historia laburbiltzen duten 130 argazki ikusi daitezke erakusketan.

 

Lazkaoko Udalak eta Lazkaon merkataritza elkarteak aurtengo ekintzen plangintza zehaztu dute, eta iazko bidetik, aurten ere elkarlanean aritzeko lankidetza hitzarmena berritu dute. Elkarlan horretatik sortutako ekintzek oso harrera ona izan zuten iaz, eta herritarrek eta merkatariek balorazio oso ona egin zuten. Hala, aurten ere herriko merkataritza sustatzen eta indartzen jarraitzeko akordioa sinatu dute gaur udaletxean.

E.A.Eko Saharar Ordezkariek eta Saharar Herriaren Lagunen Elkarteak antolatuta, "Oporrak bakean" egitasmoa jarriko dute aurten ere martxan. Iaz 108 haurrek igaro zuten uda Gipuzkoako familietan, eta aurten ume kopuru berdina hartzea da helburua.

Lazkao Txiki bertsolaria hil zela 24 urte dira aurten, eta urtero bezala, Lazkaoko herriak Lazkao Txiki Gogoan ekitaldia antolatu du. Igandean izango da, Lazkao Txiki Zelaian, 12:30ean.


Oin Arin dantza taldeak, GoiBE Goierriko Bertso Eskolak, Lazkao Txiki musika eskolak, Gerriko kultur elkarteak eta Lazkaoko Udalak elkarlanean antolatu dute ekitaldia.

Goierriko eskaintza turistikoa donostiarren eta gipuzkoarren artean ezagutzera emango du Goiturrek datozen egunetan “Eskualdeen txokoa, 10 hilabete 10 eskualde” egitasmoaren barruan. Ostiralean, martxoak 31, hasi eta datorren aste guztian zehar, eskualdeko eskaintza turistikoak leku berezia izango du San Sebastian Region bulegoan, bertara gerturatzen direnei Goierriko informazioa zuzenean eta modu zehatzean emateko.

 

Eskualdeko 11 museotako ordezkarik eta Goierri Turismoko arduradunek Goierriko eskaintza eta baliabide turistikoak azalduko dizkiete bisitariei.

 

Felix Urkola Lazkaoko alkatea eta Goiturreko lehendakariak eta Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak azaldu dutenez, “Goierri produktu anitzeko helmuga turistikoa da, gastronomia tradizionala, paisaia legendarioak eta hainbat mendetan historiak utzitako kultura jasotzen duten 11 museo eta interpretazio zentro dituena”.

 

Bihar, osteguna, martxoak 30, sektoreko ordezkariei eskualdearen eta bertako eskaintza turistikoaren berri emango diete. Txartel banatuko diete Goierriko eskaintza ezagutu dezaten, eta ondoren gure eskualdeko enbaxadore izan daitezen.

 

Eskualdeko eskaintza biltzen duen diptiko berri bat ere argitaratu du Goiturrek, eta Donostiako autobus turistikoaren atzeko aldean Goierri promozionatuko dute urtea amaitu arte “Goierri, San Sebastian Region” sloganarekin.

 

Apirilaren 8an Donostiako Boulevard-ean hainbat ekintza egingo dituzte Goierri Gipuzkoako hiriburuan promozionatzeko. Familia osoari zuzendutako tailerrak eta ekintzak izango dira. 10:00etatik 14:00etara egingo dituzte.


Aste Santuko oporren atariko jarduera berezia izango da, eta Goiturrek herritarrak animatu nahi ditu bertan parte hartzera. Etxe ondoan ditugun altxorrak ezagutzeko aukera paregabea izan daiteke.

Jarraian agertzen den loturan, Goierri promozionatzeko Goiturrek egin duen bideo berria ikusi daiteke:Goierri

Honako loturan, berriz, prentsaurrekoa: Gipuzkoa Orain