Arizti Haundi futbol zelaian berritze lanak egiten hari dira. Korrikako pistan zorua konpondu eta pintaketa lanak egin ondoren, estalitako eserleku guneko estalpeari eta barandari tratamendua eman zaio eta margotu egin dira. Orain, bi aldageletako zoruan berritze lanak egingo dira, egoera kaxkarrean daude-eta. Era berean ur beroaren sisteman ere hobekuntzak aurreikusten dira. Ikusleak zelaiaren buelta guztian egon ahal izateko, baranda perimetrala ere igo da. Lan hauek egiteko, otsaileko osoko bilkuran onartutako kreditu aldaketan, 20.000 euro gehitu zitzaizkien ohiko mantenu partidei.

Ekintza arrakastatsua izan da Lazkaoko Udalak eta Gaztelekuak antolatutako “Emakumeak eta kirola” mahai ingurua. Emakume kirolari bakoitzak bere esperientzia kontatu zuen, zein zailtasun izan dituen, zein erronka eta zein amets dituen.

Hainbat kirolen arteko konparaketa egin zuten parte hartzaileek, eta gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak ere izan zituzten hizpide. Emakume kirolariek prentsan duten presentzia gero eta gehiago bada ere, oraindik lan asko dago egiteko mahai inguruko kideen ustez, garrantzitsua baita presentzia izatea.

Hala ere, egoera hobera egiten ari dela nabarmendu dute, kirolari eta kasu gehiago daudela, eta emakumeak kirolaren aldeko apustu gehiago egiten du eta presentzia ere gero eta handiagoa da hainbat kiroletan. Edonola ere, berdintasunera iristeko asko falta dela azpimarratu dute.

Lazkaoko Udalak eta Gaztelekuak emakume kirolarien ahalegina agerian jarri nahi izan dute mahai inguru honekin. Batez ere herriko emakumeak ezagutzera ematea izan da helburua, haien lana eskertzeko, goraipatzeko eta bultzatzeko.

Oraingoan kirolarekin lotutako mahai ingurua antolatu da, baina helburua arlo gehiago lantzea da, “Emakumea eta…” izenburupean ekintza gehiago antolatuz. Asmo honetan lanean jarraituko du Lazkaoko Udalak.

Fito&Fitopaldis taldearen tributo talde bat da Wilson&Wilsonetis, eta kontzertua egingo du Lazkaon. Apirilaren 7an izango da, Areria aretoan, 22:00etan hasita. Sarrerak udaletxean erosi daitezke, eta asteburuan zehar baita Arerian ere, 10 euroan.

 

 

Udaletxeko zein kultur etxeko kanpoaldeko hormak margotu egin dira. Udaletxeko eraikinari dagokionez, eta eraikinaren efizientzia energetikoa hobetzeko helburuarekin, leihoak ere aldatu dira. Udaletxeko arkupe sarreran ez irristatzeko tratamendua ere eman da labainkorrak ziren hainbat gunetan. Lan guzti hauek egiteko, otsaileko kreditu aldaketan 50.000 euroko partida aurreikusi zen.

Lazkaomendirako oinezkoen azpiko pasabidea egiteko lurrak mugitzen hasi dira Maizpide parean. Lan horiek eragina dute GI-120 errepide nagusian, eta gaur hasita hainbat moldaketa egingo dira.

Lanek irauten duten bitartean desbideratze txiki bat egingo da trafikoa bideratzeko, eta errepidea estutu egingo da. Lan horien eraginez errepidean zehaztutako abiadura ere murriztu egin beharko da. Errepidea margotu egin da trafikoaren norabide egokia adierazteko, eta lanak eta abiadura murrizketa adierazteko seinaleak ere jarrita daude.

Beraz, lanek irauten duten bitartean eremu horretarako zehaztutako abiadura errespetatzeko eta seinaleei zein bertan lanean ari diren langileei kasu egiteko eta arretaz gidatzeko eskatzen da.

Lazkaoko Udalak eta LazkaOn Merkatari Elkarteak, Lazkaoko gainontzeko merkatariekin batera, erosketa bonoak sustatuko ditu bigarren urtez. Herriko merkataritza indartzea da egitasmo honen helburuarekin. Aurten, zazpi komertzio gehiago batu dira kanpainara, eta guztira, erosketa bonoa 59 komertziotan erabiltzeko aukera egongo da.

Kanpaina datorren martxoaren 15ean jarriko da abian, eta herritarrek apirilaren 12ra arte gozatu ahal izango dute bonoez. 50 euroko balioa duten bonoak erosi ahal izango dira, 40 euro ordainduta. Bonoak 10 euroko bost txarteletan zatituta egongo dira, erabilera errazteko asmoarekin; bost txartel horietatik bi, Lazkaon Merkataritza Elkarteko kide diren komertzioetan erabili beharko dira. Guztira 300 bono jarriko dira eskuragarri, eta herritar bakoitzak bono bat erosteko aukera izango du, kanpaina ahalik eta herritar gehienera zabal dadin. Lazkaoko udaletxean bertan izango da kanpainako txartelak erosteko aukera, 09:00etatik 18:00etara bitartean,

Herritarrak eskaintza berezi honetan parte hartzera animatzen ditu udalak, erosketak herriko komertzioetan egitea garrantzitsua baita. Merkataritza indartzea, Lazkaoko ekonomiaren garapenerako oso garrantzitsua da. Herrian erosteak, zerbitzuetan ari diren lazkaotarren lanpostuak mantentzen laguntzen du, eta negozio eta lanpostu berriak sortzeko aukerak gehitzen ditu, Lazkaoko herria garatzen jarraitzeko. Herritarrek erosketak herrian egitea, herritarren onura bilakatzen da. Horregatik, erosketak herriko komertzioetan egiteko kontzientzia sortu nahi du Lazkaoko Udalak.

Herriko komertzioa kalitatezkoa eta anitza da, eta herritarren esku ere badago hori bizirik mantentzea. Horregatik, orain aurkeztu denaz gain, urtean zehar beste kanpaina batzuk jarriko ditu martxan udalak eta LazkaOn elkartaek, udazkenean eta Gabonetan, esaterako. Horrez gain, formazio saioak eta bestelako kanpainak ere egin nahi dira. Guzti hau egin ahal izateko, ezinbestekoa izan da LazkaOn Merkatari Elkarteak ea udalak azken hilabeteetan gauzatu duten elkarlana.

Eskualdeko ekintzaileei zuzendutako ikastaroa antolatu du Goieki garapen agentziak, "Ekintzailetza: aukera bat?" izenburupean. Arrakastaz ekiteko ekintzaile batek behar dituen gaitasunei buruz hitz egingo dute ikastaroan, eta informazio fiskala eta laborala eskainiko da, ratio ekonomiko-finantziarioak, eta, batez ere, aholku praktikoak. Bi helburu ditu tailerrak:

  • Parte hartzaileek ikusi dezatela ekintzailetasuna lan munduan txertatzeko besteen kontura lan egitea bezain aukera interesgarria eta aberagarria dela.
  • Parte hartzaileen ekintzaletasun gaitasunak mahaigaineratzea eta indar horiek negozio ideia batera bideratu daitezkeela ikustea.

Ikastaroa asteazkenean izango da, martxoak 23, 09:00etatik 13:00etara, Goiekin bertan (Mallutz kalea, 18. Ordizia). Lan metodologia praktikoa izango da ikastaroaren oinarria, esperientzietan oinarritutakoa. Teoria kapsula txikiak ere eskainiko dituztela azaldu dute Goiekitik. Parte hartzaileei hainbat material eta bibliografia ere banatuko zaie.

Ikastaroan izena emateko Goierriko Ekintzailetasun Sailarekin jarri behar da harremanetan Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidean edo 943 16 18 31 telefono zenbakian. Ikastaroari buruzko informazio gehiago ere helbide edo zenbaki horretan eskura daiteke.

 

 

Udaletxearen eta kultur etxearen aurrealdea margotzeko lanak hasi dira, eta lanek irauten duten bitartean udaletxe eta kultur etxe ingurua hesituta egongo da, segurtasun neurriak direla-eta.

Garraio publikoaren erabilera bultzatzeko helburuarekin kanpaina abiatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Goierrin. Goierritarren mugikortasun ohiturak aldatu eta ibilgailu pribatuen ordez autobus publikoen erabilera sustatu nahi du. Atzo, martxoak 15, hasi zen kanpaina. Lazkaoko Udalak bat egin du kanpainarekin, eta herritarrak animatu nahi ditu garraio publikoa erabiltzera.


Marisol Garmendia diputatuak emandako datuen arabera, Lurraldebusek gero eta linea gehiago eskaintzen ditu Goierrin, eta erabiltzaile kopuruak ere gora egin du. Lazkao-Ospitalea linean, adibidez, %46,7 hazi da erabiltzaile kopurua, eta Legorreta-Ataun linean (Lazkaori dagokiona) %23.


Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio publikoaren zerbitzua hobetzen jarraitu nahi du, herritarren lehen aukera izan dadin. Zer hobetu ere bada oraindik, eta aldundiak iragarri duenez, hainbat hobekuntza egingo ditu, tartean, esaterako, markesinetako informazio paneletan. Goierrin abiatu duen kanpainarekin eskualdeko biztanleek garraio publikoa erabiltzeko duten joera saritu nahi du aldundiak.


Aitana eta Paula Etxeberria abeslariak, Iñaki Murua bertsolaria eta Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Julen Goia Ampo Ordizia errugbi taldeko jokalaria eta Lurdes Zurutuza Ataungo baserritarra dira kanpainako irudiak.

Informazio gehiago: www.lurraldebus.eus

Larunbatean jokatuko da Goierriko 4. Rallysprinta, Lazkaon hasita. Herriko plazan egingo dituzte egiaztapen teknikoak, eta Lazkaomendiko bidean hasiko da rallya, hilerri parean. 09:00etatik 11:30era egingo dituzte egiaztapen teknikoak, eta 13:00etan hasiko dira autoak irteera puntura mugitzen. Beraz, proba hasten denetik bukatu arte Lazkaomendiko errepidea itxita egongo da.

Larunbaterako trafiko mugimendu handia aurreikusten da, beraz, Lazkaoko Udalak arretaz ibiltzeko eskaria egiten die herritarrei eta bisitariei. Euskal Automobilismo Federazioak egindako deiarekin bat eginda, rally probarako eta herrigunerako zehaztutako segurtasun arauak errespetatzea eskatzen da, eta trafikoa eta proba erregulatuko duten pertsonei kasu egiteko. Horrez gain, Lazkaomendi ingurua eta proba egingo den eremua zaintzeko eskatzen da, baserri bideak eta lurrak zaindu eta txukun uzteko.

Guztira 60 autok parte hartuko dute Goierriko Rallysprintean: 53k abiadura lasterketan eta 7k erregulartasun proban. Rallyarekin lortutako dirua Aspanogi elkartearentzat izango da.

Datorren ostiralean, martxoak 10, 2017ko ekitaldiko Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren helbidetatutako erreziboak kobratuko ditu Lazkaoko Udalak. 2017ko urtealdiari dagokion Zerga eta Prezio Publikoen Egutegi Fiskalean zehazten den bezala, trakzio mekanikodun ibilgailuen zerga ordaintzeko epea martxoaren 30ean amaitzen da.

Aste Santuaren bueltako oporretarako aisialdi zerbitzua eskainiko du Lazkaoko Udalak. Aisialdi orduetan, umeek, jolas giroan, hainbat jarduera, tailer eta ekintza egingo dituzte. Apirilaren 10, 11 eta 12an, eta 18, 19, 20, eta 21ean eskainiko da zerbitzua, 10:00etatik 13:00etara, Areria kultur gunean. Haur Hezkuntzako 3.mailatik Lehen Hezkuntzako 6.mailara arteko umeentzat izango da (2005 eta 2013 urteen artean jaiotakoentzat).

Guztira 80 haurrentzako lekua egongo da, eta ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Zerbitzua erabili ahal izateko, kiroldegian utzi behar da izen emate orria, martxoaren 19a baino lehen. Haur bakoitzak 21 euro ordaindu beharko du (ordainketa kontu korronte bidez egingo da).

Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egin du aurten ere Lazkaoko Udalak, Azki emakumeen elkartearekin, Gaztelekuarekin eta San Benito Ikastolarekin elkarlanean. Bihar, martxoak 4, hasi eta hilaren 30era arte antolatu dituzte ekintzak.

Udalak martxoko ekitaldiak antolatzerakoan gazteek egindako ekarpen ugariak eskertu nahi ditu, baita Azki elkartearen parte hartzea ere, berdintasuna denon ardura baita. Hala, Martxoaren 8rako herriko beste eragile batzuekin batera hasitako bidea indartzea izango da aurrerantzean helburua. Berdintasun batzordearen lan ildoa emakumeen ahalduntzearen alorrera zuzenduta dago, eta berdintasun plan bat martxan jartzeko lanean ari da Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdinbidean aholkularitza zentroarekin batera.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren ondoren, urtean zehar iritsiko diren beste data esanguratsu batzuetarako ekintzak prestatzen jarraituko du Lazkaoko Udalak.

EGITARAUA:

  • Martxoak 4 (16:00): Zinekluba Gaztelekuan
  • Martxoak 5 (16:00): Argazki murala Gaztelekuan
  • Marxoak 6 (16:30): Hitzaldia Arerian Azkik antolatuta: "Ante una situación laboral mala, ¿Quién se quedaría en casa, el hombre o la mujer?
  • Martxoak 7: Azkiren irteera Donostiako Aquiariumera.
  • Martxoak 8: Azkiren 21.urteurrena
            - 17:00: Txokolate jana kideentzat
            - 21:00: Antzerkia Arerian. Urrup taldearen "Todas las Evas". Sarrera doan herritar guztientzat.
  • Martxoak 9: Hitzaldia Arerian. Yolanda Cervera: "El papel que ha representado la mujer en la historia".
  • Martxoak 11-12 (16:00-20:00): Autodefentsa feminista tailerra gazteentzat Gaztelekuan
  • Martxoak 11: Azki elkarteko bazkideen afaria eta dantzaldia Orobionen
  • Martxoak 13-17: San Benitoko batxilergoko ikasleen horma irudi pintaketa
  • Martxoak 18-19 (16:00-20:00): Genero tailerra gazteentzat Gaztelekuan
  • Martxoak 25 (18:00): Emakumea eta kirola mahai inguru irekia Arerian
  • Martxoak 30: San Benitoko DBHkoen saioak: "Berdintasuna, denon erantzukizuna"

 

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak lanak egingo ditu Lazkaomendirako bidean. Errepidearen kontra dagoen horma bat egoera txarrean dago, eta hura berritzeko lanak egingo dituzte astelehenetik aurrera. Lanek irauten duten bitartean kamioientzat itxita egongo da errepidea. Gainerako ibilgailuek errepidea erabili ahal izango dute, baina arretaz gidatzeko deia egiten da, jarriko diren seinaleei eta lanean ariko diren langileei kaso eginez.

Lazkaoko San Prudentzio jaien barruan egiten den helduen danborrada antolatzeko lehen bilera/entsegua astelehenean izango da, martxoak 6, 19:00etan, San Benito Ikastolaren San Prudentzio eraikineko patioan.

Bilera irekia izango da, danborradan parte hartu nahi duten 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta. Besteak beste, entseguen antolaketa zehaztuko da bileran. Garrantzitsua da danborradan parte hartu nahi dutenak asteleheneko bilerara joatea, bildutako jende kopuruaren arabera erabakiko baita danborrada egingo den edo ez.

Su Ta Gar taldeak Lazkaon egingo duen kontzerturako sarrerak Arerian eskuratu ahal izango dira asteburuan. Larunbatean eta igandean, zimena ordutegian jarriko dira salgai. Sarrera bakoitza 20 euroan eskuratu ahal izango da. Gaur, bihar eta ostiralean eta astelehenetik aurrera, udaletxean erosi ahal izango dira.

Talde eibartarrak martxoaren 10ean, ostirala, egingo du kontzertua Lazkaon, “Maitasunari Pasioa” azken lana aurkezteko. Areria aretoan izango da emanaldia, 22:00etan hasita.

Iturgaitzagako eremuan egiten ari diren lanak direla-eta, astelehenetik aurrera Hiribarren kalea itxita egongo da ibilgailuentzat. Hala, zirkulazioa Iturrialdea kaletik bideratuko da. Trafiko aldaketak aste bat irautea aurreikusten da. Lazkaoko Udalak dei berezia egiten du inguruan jarriko diren seinaleei kasu egiteko, eta ahal dela Hirigoien kaleko sarrera erabiltzeko.

Inauteriak direla eta herriko ikasleek jai dutenez, datorren asteartean, otsailak 28, ez da Pausoka egitasmorik egongo. Oinez ibiltzeak eta kirola egiteak osasunerako dituen abantailak kontuan hartuta Lazkaon jarritako egitasmoa da Pausoka, lagunartean kirola egitera bultzatzen duena. Asteartero herriko plazan elkartzen dira parte hartzaileak, 10:30ean, eta herrian zehar ibilbidea egiten dute. San Benito Ikastolak, Orobione jubilatuen elkarteak, Osakidetzak eta gerontologikoak bultzatutako egitasmoa da.

Asteartean, otsailak 28, ohiko osoko bilkura egingo du Lazkaoko Udalak. 19:00etan izango da, pleno aretoan. Hau da gai zerrenda:

  •  Aurreko akta (2017ko urtarrialren 31koa)
  • Alkatetzaren ebazpenen berri ematea
  • Etxeko Laguntzaren zerbitzuaren kontratazio espedientea eta lizitazio deialdia.
  • Kirol zerbitzuen kontratazio espedientea eta lizitazio deialdia.
  • Kreditu gehigarri bidezko 1 zbk.dun kreditu aldaketa.
  • Gurutze 1-6ko birurbanizazio lanak egiteko kontratazio espedientea eta lizitazio deialdia.
  • Gipuzkoako Lurralde Historikoko herritarren partaidetzarako erakunde arteko espaziora atxikitzeko erabakia.
  • Diru laguntzak emateko ordenantza orokor arautzailea.
  • Martxoaren 8 egunaren inguruko mozioak.
  • Galderak eta erreguak.

 

Inauteriak direla eta, asteburu honetan ez da haurrentzako zine emanaldirik egongo Arerian.

Iberdrolak Harizti gainetik igarotzen diren tentsio altuko bi lineatan egin behar dituen lanak direla eta, asteburuan, otsailak 25 eta 26 (larunbata eta igandea), Harizti Haundi futbol zelaia itxita egongo da.