EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zituen pasa den urriaren 17an Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren hainbat artikulu. Hizkuntza ofizialen erabilera arautzen du dekretuak, Udal Legea garatuta. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak uztailean Udal Legeari buruz emandako epaiaren ostean, Dekretuaren aurka jo du orain Auzitegi Nagusiak.
Euskara da Lazkaoko hizkuntza, eta hori sustatzen jarraitzeko konpromisoa dauka Udalak. Horren aurrean, Lazkaoko Udaleko EH Bilduren eta EAJ-PNVren udal-taldeek bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako antolatutako manifestazioarekin, eta herritarrei dei egiten diete bertan parte-hartzera euskararen aurkako oldarraldiak amaitzea eskatzeko.