Gabonetako erakusleiho lehiaketak baditu irabazleak: Koboloi, Errotaundi eta Miszelania dendetako erakusleihoek jaso dituzte boto gehien. Diploma bat eta produktu ezberdinez osatutako saski bana jaso dute hiru dendetako ordezkariek. Botoa eman dutenen artean bost erosketa bono zozkatu dira.

400 euroko erosketa bonoa Argoitz Galparsororentzat izan da eta Eufrosina Dulgheruk, Mila Barrealek, Maribel Arratibelek eta Beatriz Hernandezek 150 euroko erosketa bono bana jaso dute. Lehiaketan parte hartu duten dendetan erabili ahal izango dituzte erosketa bonoak.

Guztira 29 merkatarik parte hartu dute aurten erakusleiho lehiaketan, eta 1.417 boto zenbatu dira guztira. Iñaki Estensoro zinegotziak azaldu duenez, “merkatariek irudimen handia erakutsi dute eta erakusleiho originalak eta asko landutakoak egin dituzte”. Lazkaotarrak herrian erostera animatzeko beste pauso bat izan da erakusleiho lehiaketa, “urtean zehar Lazkaoko Udalak eta LazkaOn merkatari elkarteak elkarlanean antolatu dugun azken ekintza”.

LazkaOn elkarteko Nagore Izagirrek laburtu du urtean zehar udalak eta elkarteak elkarlanean antolatu dituzten ekintzen zerrenda: “Martxoan erosketa bonoen kanpaina egin genuen eta irailetik urrira bitartean Udazkeneko Kanpaina. Zinema bonoak, ebook-ak, kiroldegiko bonoak eta otorduak zozkatu genituen orduan, Lazkaoko dendetan eta tabernetan kontsumitzen zutenen artean. Erakusleiho lehiaketak itxi du aurtengo ekintzen soka”.

Herritarrei zuzenduta
Merkatariei eta ostalariei zuzenduta hainbat ikastaro ere antolatu dira udalaren eta LazkaOn elkarteko hitzarmenaren harira. Kontsumo gatazken aurrean nola jokatu ikasi ahal izan zuten Lazkaoko merkatariek maiatzean, eta ekintzailetzari eta autoenpleguari buruzko jardunaldi bat ere antolatu zen ekainean. Lehiakorragoak izaten ikasteko Gipuzkoako Merkataritza Federazioak bultzatutako Singular Dendak egitasmoan ere parte hartu dute herriko hainbat merkatarik.

“Ekintza hauek guztiak gero eta eskaintza hobea ematera bideratuta egon dira. Izan ere, Lazkaoko Udalak eta LazkaOn merkatari elkarteak, herriko
gainerako merkatariekin eta ostalariekin batera, Lazkao herri bizi bat izatea dute helburu”, azaldu du Izagirrek.

Estensorok gehitu duenez, “ekintza guzti hauekin herrian erostearen garrantzia nabarmendu nahi da, merkataritzak eta ostalaritzak, herriko ekonomiari eta lanpostuei egiten dien ekarpena aintzakotzat hartuz”. Lazkaoko Udalaren helburu nagusietako bat herriko ekonomia sustatzea da, dendek eta zerbitzuek udalerriaren garapenean duten garrantzia kontuan hartuta. “Horregatik, merkataritza eta zerbitzuen alorrean elkarlanaren aldeko apustua egiten jarraitu nahi du udalak, ekonomia jarduera sustatzeaz gain, merkataritza eta ostalaritza zerbitzu on bat dagoen tokian bizia dagoela sinesten baitu”.

Bide horretan, nabarmentzekoa da azken hilabeteetan herrian irekitzen ari diren merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu berriak. Ekonomia indartu eta lanpostuak sortzeaz gain, herritar guztientzat zerbitzu berriak jartzen baitira erabilgarri.

Ezin da ahaztu, elkarlan honen beste ardatz nagusi bat herritarrak direla. Horregatik, Lazkaoko Udalak eta LazkaOn elkarteak eskerrak ematen dizkie herriko merkataritzaren eta ostalaritzaren alde egiten duten herritar guztiei; herria bizi mantentzen laguntzen jarrai dezaten eskatu diete.

Ikusi sari banaketako argazkiak (Yurena Sanchez Paniaguaren argazkiak):