Azken urteetan modu espontaneoan haziz joan da San Prudentzio jaietako mozorro egunean karrozen, ibilgailuen eta jaimen erabilera; eta horrekin zarata arazoak eta istripuak gertatzeko arriskuak ere bai. Horregatik, aurtengo mozorro egunerako horrelako zein elementu erabiliko den aurreikuspena egin nahi da, zerrenda bat osatu eta zein nuerri hartu behar diren eta zein baliabide bidereatu behar diren zehazteko.

Festak denontzat festa izan daitezen, guztion inplikazioa behar da. Horregatik, zuen laguntza eskatzen da. Jaima edo karroza erabiltzeko asmoa baduzue, bete izen emate orria eta utzi udaletxean ostirala baino lehen. Izen emate orria udaletxean bertan ere eskura daiteke.

Karrozak, motordun ibilgailuak eta jaimak erabili ahal izateko baldintzak honakoak dira:

  • Karrozak, jaimak eta ibilgailuak erabili ahal izateko aurrez eskaera egitea derrigorrezkoa izango da.
  • Karpek, karrozek edo ibilgailuek mozorroarekin lotura izan behar dute.
  • Karpak ezingo dira erabat itxiak izan.
  • Karpek, karrozek edo ibilgailuek plazako ekitaldiak eta ordutegiak errespetatu beharko dituzte.
  • Karpak, karrozak eta ibilgailuak jaso egin beharko dira.

Era berean, mozorro eguneko desfilean eta lehiaketan parte hartzera animatzen ditugu herritarrak. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena udaletxean. Horretarako zehaztutako orria udaletxean utzi behar da apirilaren 19a baino lehen. Nahi duenak izen emate orria udaletxean eskura dezake.