• Izena emateko lehentasuna izango dute aurreko denboraldian ibili ziren ikasleek, baina ikasle berrien eskaera eta izen ematea zabalik dago.
  • Irailaren 14an hasiko dira pilates, bodytrainig, soinketa, gap, bodygap eta zunba ikastaroak eta aurrerago emango da gainerakoen hasiera dataren berri.
  • Kiroldegiak segurtasun neurri bereziak hartu ditu ikastaroak eman ahal izateko, eta orain arte 2. solairuan zeuden kardio eta txirrindu gela kantxako harmailetara eramango dira.

Ikasturte berriarekin batera, kiroldegiko 2020-2021 denboraldiko ikastaroei ere hasiera eman behar zaie, egungo egoerara egokituta, noski. Izen ematea dagoeneko zabalik dago, eta kiroldegian egin behar da, telefonoz (943 08 51 93) edo bertara agertuz. Lehentasuna izango dute aurreko denboraldian ibili ziren ikasleek, baina ikasle berrien eskaera eta izen ematea zabalik dago.

Bizi dugun egoeragatik Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegiak ikastaroen eskaintza egokitu du eta neurri bereziak hartu ditu erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Lehorreko helduen ikastaro batzuk irailaren 14an hasiko dira: pilates, bodytraining, mantenimenduko soinketa, gap, bodygap eta zunba. Aurrerago emango da gainerako ikastaroen hasiera dataren berri. Dena den, urriaren hasieran ziklo indoor, adinekoen soinketa eta haur eta gazteen lehorreko ikastaroekin hastea aurreikusten da, osasun egoerak ahalbidetzen duen neurrian.

2020-2021 denboraldiko ikastaro eskaintza

Lehorreko ikastaro eskaintza zabala aurkezu du Udal Kiroldegiak: pilates, ziklo indoor, bodytraining, mantenimenduko soinketa, gap, adinekoen soinketa, bodygap eta zunba. Adinekoen soinketa izan ezik, urriaren 14an hasiko dira guztiak. Haurrentzako ikastaroen artean honako hauek daude, eta aurrerago adieraziko da noiz hasiko diren: ziklo indoor gazte, gimnasia erritmikoa, 20 saioko igeriketa ikastaroa, haurtxoen igeriketa eta shorinjy kempoa.

Igeriketako ikastaroei dagokienez, ez dago hasiera data zehatzik oraindik, aukerak aztertzen ari baita kiroldegia. Igeriketa terapeutikoan, haurdunaldiko igerian edo haurtxoen igeri ikastaroetan interesa dutenei beraien izenematea egiteko eskatzen zaie. Haurren igeri ikastaroei dagokionez, eskola-kirol jarduerekin gertatuko denaren zain eta igerilekuaren eta aldagelen erabilera mugatuaren baitan ahalik eta eskaintza zabalena egiteko modu seguruak ikertzen ari da.

Ikastaroen ordutegiak beheko taulan begiratu eta zalantzarik izanez gero, jarri kiroldegiarekin harremanetan 943 08 51 93 telefonoan.

Neurri bereziak

Kiroldegira sartzeko protokolo orokorrez gain, ikastaroetarako hainbat neurri ezarri dira.

Instalazioetara sartzeko, eskuak garbitu beharko dira sarrerako hidro-gelarekin eta harrerako langileak tenperatura hartuko die erabiltzaile guztiei: 37ºtik gora izanez gero, ezingo du kiroldegian sartu. Kiroldegian sartzeko, eskailerak eta korridoreak erabiltzeko musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da eta musukoa kirola egitean soilik kendu ahal izango da, beti ere segurtasun distantzia mantenduz. Instalazioen erabilera banakakoa izango da eta erabiltzaile bakoitzak gune bat izango du. Ordutegia amaitzean, instalazioa utzi beharko da.

Ikastaroentzako hartu diren neurriei dagokienez, pertsonen arteko distantzia mantentzeko gela bakoitzean gehienezko aforo bat jarri da eta partaide bakoitzak gune bat izango du ariketa egiteko. Pilates gelan 9 pertsona eta irakaslea sartu ahal izango dira, ziklo indoor gelan, berriz, 11 gehi irakaslea, eta kirolanitzeko gelan (gap, bodygap, zunba, soinketa) 12 pertsona eta irakaslea.

Taldeak itxiak izango dira eta ez da ordutegi edo errelebo aldaketarik egin ahal izango. Ikasleek
beti talde berdina izango dute. Materiala ez da partekatuko, eta hasi aurretik eta ondoren desinfektatu egin behar du ikasleak berak (txirrinduak etab.). Bestalde, ikasle bakoitzak, koltxonetak erabili behar den kasuan oihala ekarriko du eta izerdiak eta garbiketak egiteko ere eskuoihala ekarri beharko du.

Aldagela eta dutxa zerbitzurik ez da izango eta gelak aireztatzeko neurriak hartuko dira.

Kiroldegiko guneetan aldaketak

Ikastaroen denboraldiarekin lotuta kiroldegiko guneen antolaketan aldaketa batzuk egingo dira. Kiroldegiko jarduera berriz hasi zenean, gihar gela 2. solairuko hiru geletan banatu zen, kardio gela, txirrindu gela eta gihar gela gisa antolatuz. Orain ikastaroekin hastean, kardio gela eta txirrindu gela hainbat ikastaro emateko beharrezkoak dira, beraz, gela hauek libratu beharrean dago kiroldegia. Ondorioz, kardio eta txirrindu gela kantxako harmailetara eramango dira. 

 kiroldegia eskaintza

 

 

 

Ahora al empezar con los cursos, el aula de cardio y el aula de bicicleta son necesarios para impartir varios cursos, por lo que el polideportivo tiene que liberar estas aulas. En consecuencia, la sala de cardio y bicicleta se trasladarán a las gradas de la cancha.