Albisteak

  • 10 egunetan agortu ziren Lazkaoko Udalak herriko ekonomia bultzatzeko “Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?” bonu kanpainaren barruan salgai jarritako lehen 2.000 bonuak. Hori ikusita, ekainak 22an beste 1.000 bonu jarri ziren salgai. Horiek ere agortu dira.
  • 61 saltokitan erabili ahal dira bonuak eta guztira 90.000 euroko eragin ekonomikoa izatea aurreikusten da herrian.

‘Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?’ kanpaina arrakastatsua suertatu da Lazkaon. 25 egunetan agortu dira salgai jarritako 3.000 bonuak: 10 egunetan agortu ziren Lazkaoko Udalak herriko ekonomia bultzatzeko “Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?” bonu kanpainaren barruan salgai jarritako lehen 2.000 bonuak. Hori ikusita, ekainak 22an beste 1.000 bonu jarri ziren salgai. Horiek ere agortu dira.

Agortutako bonuen ordainketak bideratzen hasi da Udala, eta dagoeneko ia 30.000 euro ordaindu zaizkie merkatariei bonoen truke. Kanpainak herriko merkataritzan 90.000 euroko eragin ekonomikoa izatea aurreikusten da.

Bonuak 61 saltokitan erabili ahal dira eta 20 euroko prezioan 30 euro erosteko ahalmena ematen dute.

Berraktibazio planaren sei laguntza lerroak

Bonuen kanpaina Lazkaoko Udalak herriko ehun ekonomikoa berraktibatzeko ezarritako sei laguntza lerroetako bat da. Aipatutako kanpainaz gain, saltokietan guztion osasuna bermatzeko materialen erosketak (maskarak, EPIak…) kofinantzatuko ditu Udalak, gastuak arintzeko. Abian da, baita ere, hurbileko kontsumoa sustatzeko sentsibilizazio eta sustapen kanpaina, eta udal zerga eta tasen bonifikazioa ere onartu da. Bestalde, ostalariei terrazen espazioa handitzeko aukera eman zaie. Online salmenta bultzatzeko “Goierriko Azoka” proiektua ere martxan dago, eta, egoerak baimentzen duenean, ekintza kulturalei berriro ere ekiteko aukerak aztertzen dihardu Udalak.

IMG 9096