• Hasiera batean 4 hilabetez luzatuko da tratamendu gehigarria eta behin epe hori pasata, aztertuko dira emandako emaitzak eta jarraitu beharreko pausuak definitu.
  • Pozoiak elementu uxagarri bat du txakur eta katuek jan ez dezaten eta herriko estolderia-sarean jartzen da.

Lazkaoko Udalak arratoien aurkako kanpaina indartu du eta aurrerantzean, hilabetean bitan burutuko da tratamendua herri osoan zehar. Horrela Udalak, azken asteetan arratoien inguruan izandako abisuak aztertu ostean, erantzuna emango die. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kontratazio Zentralaren bitartez esleitutako enpresak egun burutzen duen tratamendua bikoiztuko da, egun hilabetean behin burutzen baita, eta aurrerantzean bitan. Hasiera batean 4 hilabetez luzatuko da tratamendu gehigarria eta behin epe hori pasata, aztertuko dira emandako emaitzak eta jarraitu beharreko pausuak definitu.

Pozoiak elementu uxagarri bat du txakur eta katuek jan ez dezaten eta herriko estolderia-sarean jartzen da.

Aldi berean, arratoien aurkako kanpaina bereziaren emaitzak hobetzeko asmoz, hondakinak batu eta kaleak garbitzen dituzten enpresei edukiontzien garbiketa eta horien ingurukoa bereziki zaintzeko eskatu diete.

Udalak bizilagunen konpromisoa ere garrantzitsua dela gogoratu du: zaborrak egoki atera eta sailkatu eta kaleko animaliei ez diete jaten eman behar. Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkie arratoien berri ematen duten bizilagunei.