Lilaton lasterketara begira taldean korrika egiteko dinamika jarri zuen martxan Lazkaoko Udalak urtarrilean. Atzo egin zen Lilaton proba, Donostian, eta behin hura igarota dinamikarekin jarraituko da.

Guztira 12-14 emakume izan dira egitasmoan parte hartu dutenak, eta dinamikaren inguruan egindako balorazio onaren ondoren, saioekin jarraitzea erabaki du udalak. Hala, maiatzera bitartean asteartero taldean korrika egiteko aukera egongo da Lazkaon.

Korrika aritzeko ohitura dutenei eta hasi berriak direnei bideratuta dago egitasmoa. Orain artean bezala, Maite Arraizaren gidaritzapean eta haren laguntzarekin egingo dira saioak. Helburua denak elkartu eta kirola egitea da, bakoitzaren erritmoa eta ahalmena errespetatuz, giro onean eta elkarri lagunduz eta elkar babestuz.

Egitasmoaren helburu nagusia da korrikara edo ariketa fisikora gerturatzeko beldurra, lotsa edo animo falta duten neskeei eta emakumeei (gazteak edo helduak) zuzendutako erreferentzia puntu edo gune bat eskaintzea.

Saioak asteartero izango dira, 18:00etan hasita, eta ordu bateko iraupena izango dute, 19:00ak arte. Saioak beti kiroldegian hasiko dira eta amaituko dira. Hurrengo saioa bihar izango da, martxoak 12, eta hurrengoak honako egunetan:

  • Martxoa: 12 eta 26
  • Apirila: 2, 9, 16 eta 23
  • Maiatza: 7, 14, 21 eta 28