Goazen! Telebista saioko aktoreek antzezlana eskainiko dute martxoaren 22an, Lazkaon.

Areria aretoan izango da, eta bi emanaldi egingo dituzte: 17:30ean lehena eta 19:30ean bigarrena.

Bi emanaldietarako sarrerak martxoaren 13an salduko dira, 17:00etatik aurrera, Areriako leihatilan, agortu arte. Sarrerarik saldu gabe geratuko balitz, udaletxean erosi ahalko dira, martxoaren 14tik aurrera. Pertsona bakoitzeko eta saio bakoitzeko gehienez 4 sarrera erosi ahalko dira. Sarrera bakoitzaren prezioa 10 eurokoa izango da.

Abenduaren 2an estreinatu zuten 'Go!azen 5.0' antzezlana, ETB1eko telesailaren antzerkirako obra berria, eta hainbat herritan emanaldiak eskainita, Lazkaon ere ikusi ahalko da antzezlana. Asier Burgete (Markel), Iker Villa (Ander), Ainhoa Larrañaga (Eli), Beñat Iturbe (Julen), Maria Redondo (Zuri) eta Itziar Urretabizkaia (Amaia) dira antzokiko oholtza gainera igoko diren aktoreak. Telebistako istorioen antzerakoak antzeztuko dituzte, eta han ezagun egindako hainbat abesti kantatuko dituzte.