Lazkaon izan dira Makel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurumena eta Lurralde Orekako diputatua.

Lazkaoko Udalak etorkizunera begira dituen proiektuak, egun martxan dituenak eta dagoeneko gauzatu dituenak ezagutu dituzte aldundiko ordezkariek.

Udaletxean hasi dute bisita, instalazioak ezagutu eta udal teknikariekin bilduta. Lazkaoko Udalaren plan estrategikoa azaldu die Felix Urkola alkateak Olanori eta Aizpururi, eta teknikariekin hitz egiteko aukera ere izan dute. Bisitaren amaieran, Olanok zehaztu du “oso interesgarria” izan dela udal teknikariekin biltzeko izan duen aukera, udaletara egiten dituen bisitetan ez baita “ohikoa” izaten.

Felix Urkolak ere garrantzitsutzat jo du gaurko bisita, “Gipuzkoako Aldundiarekin harremana estutzeko balio izan duelako, eta herriaren garapena ez ezik, dauden beharrak ere bertatik bertara ikusi dituztelako”.

Goierri Valley eskualdeko enpresa sareak Lazkaoko udaletxean egin duen bileraren ondoren, Olanorekin eta Aizpururekin eta udal ordezkariekin elkartu dira udaletxeko areto nagusian, enpresa sarearen berri emateko. Lazkaoko Leberri enpresa eta Txindoki Gerontologikoan ere izan dira bisitan, eta herriko hainbat txoko ezagutzeko aukera ere izan dute.

“Udal ordezkariekin eta agente ekonomiko eta sozialekin batera bertako beharrak, proiektuak, ideiak eta estrategiak ezagutzeko” bisita izan da Olanok eta Aizpuruk Lazkaora egin dutena, Ahaldun Nagusiak adierazi duenez. Diputatu nagusia pozik agertu da Goierri eskualdean egitasmoak eta proiektuak aurrera doazelako eta “etorkizunean ere elkarlanean” jarraitzeko asmoa adierazi du Lazkaon egindako adierazpenetan.