Datozen egunetan hainbat berritze lan egingo ditu Lazkaoko Udalak Uhaitz kalean. San Inazio zubitik plazara doan bideko zoruan hainbat egokitze eta berritze lan egingo dira, atal ezberdinetan.

San Inazio zubitik oinezkoen zubira arteko errepidean asfaltoa berrituko da, eta aparkalekuek gaur egun duten malda ahal den tamainan txikitzeko neurriak ere hartu nahi dira. Bestalde, oinezkoen zubitik plazara arteko tartean bidea espaloiaren parean jarriko da, eta errepidea eta espaloia kota berean jarriko dira. Zati horretan hormigoi inpresoa botako da, eta gaur egun Alboka eta Zelata aurreko zoruak duen itxura berdina emango zaio. Tarte horretako zoruaren egungo egoera zein den ikusita, eremu hori ere berritu egingo da.

Hiribarren industrialdean lanak

Uhaitz kaleko lanez gain, Hiribarren industrialdean ere hainbat lan egingo dira datozen egunetan. Hidrante berri bat jarri da eta ur hornidura sarea berritzeko lanak ere hasita daude. Lan hauek egin ondoren, errepidea eta aparkalekuak asfaltatuko dira.