Herritarrek aitorpena euskaraz egin dezaten animatzeko ‘Errenta Aitorpena euskaraz, Ogasunarekin euskaraz!’ kanpaina antolatu dute hamalaugarrenez Beasaingo, Ordiziako, eta Lazkaoko Udalek elkarlanean. 

Gipuzkoan, 2023ko errenta aitorpena egiteko aukera egongo da uztailaren 1era bitarte. 

Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak, Mariola Pascual, Beasaingo Udaleko Herritarrak arloko buruak eta Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak Beasaingo Udalean egindako prentsa agerraldian eskaini dituzte gaur egun errenta aitorpena egiteko bideak eta xehetasunak. 2010az geroztik egiten den kanpaina da honakoa eta azken urteotan bezala, kanpainaren helburua euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzea eta horretarako herritarrei jarraibideak eskaintzea da. 

Errenta aitorpena egiteko bideak eta datak

Gaur egun errenta aitorpena aurkezteko hiru bide daude eta guztietan erabil daiteke euskara

  • Auto-likidazio proposamena. Apirilaren 8tik ekainaren uztailaren 1era herritarrek autolikidazio proposamenak jaso eta onartzeko aukera izango dute. Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
  • Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea apirilaren 12an hasi eta ekainaren 7an amaituko da. Hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi direla adierazi behar da. Ogasunarekin bulegoko aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz egin daitezke. Horrez gain, Ogasunak sinatzeko duen orria ere euskaraz jaso daiteke. 
  • Internetez, Zergabidea atariaren bitartez. Errenta aitorpena Internetez edo bulegoan bertan egin nahi dutenek apirilaren 11tik uztailaren 1era arteko epea izango dute horretarako. Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu behar da. Aholkularitza edo finantza erakunde batean egiten baduzu, euskaraz egiteko eska daiteke. Beste modu batean egiten bada (finantza erakunde batean, adibidez), euskaraz egiteko eska daiteke.

Urtero euskaraz egindako aitorpen kopurua goruntz


Azken 12 urteetan, 2009tik 2022era, Beasainen, Lazkaon eta Ordizian euskaraz egin diren errenta aitorpenen ehunekoa handituz  joan da: Beasainen %8,37tik %26,18ra, Lazkaon %15,52tik %32,19ra eta Ordizian %8,29tik %23,82ra igo da.

Hiru udal ordezkariek, euskararen aldeko keinu hau egitera gonbidatu nahi dituzte herritarrak. Aukera badago euskaraz jarduteko, baita errenta aitorpenean ere, eta orain arte, inertziaz edo ohitura faltagatik gazteleraz egin bada ere, era oso errazean gure hizkuntzan egin daiteke. Hori ikusarazi eta errazteko kanpaina da hau, gure hizkuntzaren erabilera sustatzekoa. Beraz, euskararen aldeko aukeraz baliatuz, errenta aitorpena euskaraz eginez, euskarari ere aitorpena egiten zaiola nabarmendu dute hiru ordezkariek. 

 Errenta_aitorpena_-_Triptikoa.png

 

Errenta_aitorpena_-_Triptikoa_2.png