• EAJ-PNVk eta EH Bilduk Udal Gobernuak proposatutako Ordenantza Fiskalen alde bozkatu zuten.
  • Udal-zergak eta -tasak % 2,7ko Kontsumitzaileen Prezioen Indizearen (KPI) arabera eguneratuko dira; hondakinak biltzeko eta ura hornitzeko zerbitzuen kasuan, % 8ko igoera aplikatuko da.

Lazkaoko Udalak urriaren 11n egindako Osoko Bilkurak aho batez onartu zituen datorren 2024an indarrean egongo diren Udal Gobernuak proposatutako Ordenantza Fiskalak. Ordenantza fiskal hauek lazkaotarrei zerbitzu publikoak bermatzeko diseinatu dira, eta EAJ-PNV eta EH Bilduren arteko adostasun prozesu baten ondoren onartu dira.

Udal-zergak eta -tasak Kontsumitzailearen Prezioen Indizearen (KPI) arabera egokituko dira, hau da, % 2,7ko igoera. Bestalde, hondakinak biltzeko eta ura hornitzeko zerbitzuetan % 8ko igoera aplikatuko da, Sasietako Mankomunitateak eta Ur Partzuergoak, hurrenez hurren, ezarritako igoerei aurre egiteko.

Kepa Zubiarrain alkateak ordenantza fiskal hauen garrantzia eta oinarrian dituzten printzipioak azpimarratu ditu: “erantzukizuna, efizientzia eta ekitatea. Hainbat faktoreren ondorioz, hala nola KPIaren igoera eta lizitazio-kostu handiagoak, bizitza garestitu den testuinguru honetan, neurri horiek funtsezkoak dira udal-zerbitzuen kalitateari eusteko”.

"Alderdi garrantzitsu bat laguntza-lerroak zabaltzea eta gehieneko diru-sarreren baldintzak malgutzea da, lazkaotar bat bera ere atzean ez uzteko. Uraren eta estolderiaren gaineko zergez, zaborraz edo zirkulazio zergaz gain, Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegiko kirol, kultura eta aisialdiko jardueretarako dirulaguntzak emango dira" nabarmendu du. 

Beste berrikuntza batzuei dagokienez, Instalazioen eta Obren gaineko Zergan hobariak aplikatuko dira, %95eko deskonturaino eguzki-plakak eta energia berriztagarrien sistemak instalatzeko, bai eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuetarako ere.

Zubiarrainek azpimarratu du ordenantza fiskalen eguneratze hau "baterako ahalegina" dela "udalerriaren finantza-egonkortasunari eusteko eta herritarrei kalitate handiko zerbitzuak ematen jarraitzeko, Lazkaoko biztanle guztien ongizatean lagunduz".