• Izen emate guztiak HEMEN burutu daitezke, edota presentzialki Udalean, kultur ikastaroen kasuan, eta Kiroldegian kirol zein aisialdi eskaintzaren ingurukoak. Izen ematea maiatzaren 17tik 31ra bitartean egongo da zabalik.
  • Aisialdi programa ekainaren 21etik uztailaren 23ra eskainiko da HH 3tik LH6ra bitarteko haurrentzat.
  • Kultur ikastaroen kasuan, sormen tailerra eta robotika tailerra eskainiko dira, 9-14 urte bitartekoentzat lehena eta 7-14 urte bitartekoentzat bigarrena. Izen ematea udal webgunean edo udaletxean bertan egin beharko da.
  • Kirol alorrean, igeriketa, gimnasia erritmikoa, esku pilota, piraguismoa, kirol dantza, bodytraining edo pilates bezalako ikastaroak egongo dira aukeran haur eta gazteei zuzenduta.
  • Era berean, udako igerilekuak ekainaren 5ean zabalduko dira.

Uda sasoia gero eta gertuago dugun honetan, Lazkaoko Udala hasia da jada udako programa ezberdinak lantzen, betiere helburu nagusia izanik herritarrei Lazkaon bertan egin ahal izateko plan, ekintza eta aukera desberdinak eskaintzea, udaldian ere, herria bizi-bizian mantentzeko.

Ildo horretan, herriko haur eta gazteei zuzenduriko kultur, aisialdi eta kirol eskaintza zabala landu du Udalak, udako oporraldian etxeko txiki zein gaztetxoek Lazkaon zer egiteko aukera andana izan ditzaten.

Izen emate guztiak HEMEN burutu daitezke, edota presentzialki Udalean, kultur ikastaroen kasuan, eta Kiroldegian kirol zein aisia eskaintzaren ingurukoak. Izen ematea maiatzaren 17tik 31ra bitartean egongo da zabalik.

Aisialdi eskaintzari erreparatuz, antolatutako programa HH3tik LH6ra bitarteko haurrei zuzenduta dago (2009-2017 bitartean jaiotakoak) eta ekainaren 21etik uztailaren 23ra bitartean egingo da, astelehenetik ostiralera, guztira 25 egun. Ordutegi aldetik, bi aukera daude zabalik: goizeko 09:00etatik 13:00etara bata eta 10:00etatik 13:00etara bestea. Plazak mugatuak izango dira (180).

Kultur eskaintzan halaber, sormen tailerra eta robotika tailerra egongo dira aukeran. Horietatik lehenak, baliabide plastikoen bitartez (marrazketa, collage-ak…), emozioak eta sentimenduak hobeto ezagutzea du helburu, irudimena eta sormena, gizabanakoaren emozioak eta nortasuna kudeatzeko tresna gisa. Tailer hau ekainaren 21etik uztailaren 9ra bitartean eskainiko zaie 9-14 urte bitarteko gazteei, bi ordutegi eta adin taldetan banatuta: 16:30-18:00 bitartean 9-11 urte bitartekoak eta 18:00-19:30 bitartean 11-14 urtekoak.

Bigarren tailerra, robotika tailerra, alegia, 7-14 urteko haurrei eskainiko zaie, bi adin taldetan banatuta eta ikastaroak, guztira, bost asteko iraupena izango du. Lehen bi asteetan, 7-9 urte bitartekoei zuzenduriko saioak egingo dira, non, txikienek, LEGO WEDO 2.0 edo OZOBOT robotika hastapenak jasoko dituzten. 3, 4 eta 5. asteko saioak, halaber, 10-14 urte bitarteko haurrei zuzendurik egongo dira eta hauek, besteak beste, Microsoft MakeCode plataformaren bidez, 2Dko jokoak sortu eta Kitronik makina fisiko batean probatzeko aukera izango dute, baita FREADUINO, Robotika hastapen saioa jasotzekoa ere, Arduinon oinarritutako plakak erabiliz. Azken saioa heldu batez lagunduta egingo da.

Eta haur zein gazteei zuzenduriko udako eskaintzarekin amaitzeko, kirol ikastaroak aipatu behar ditugu. Kasu honetan, haur zein gazteentzako eskaintza berezia osatu du Joxemiel Barandiaran udal kiroldegiak 4 hilabeteko haurretatik hasita 12 urteko haurrenganaino iritsiz. 

Txikienen kasuan, 4 hilabetetik 36 hilabeteko haurrentzat igeriketa ikastaroa antolatu da ekainaren 28tik uztailaren 23ra, astelehenetik asteazkenera 12:00etatik 12:30era. Igeriketa ikastaroei helduta, halaber, 2009-2018 bitartean jaiotakoentzat (azken hauen kasuan, 3 urte beteta izan behar dituzte), goizez zein arratsaldez ere igeriketa saioak eskainiko zaizkie aipatu datetan.

Igeriketaz haratago, haurrek, patinajea, gimnasia erritmikoa, kirol dantza, tenisa, kirol anitzeko jarduerak, mendiko bizikleta, zesta punta edota piraguismoa bezalako ikastaroak izango dituzte aukeran, beste hainbaten artean.

Era berean, gaztetxoenentzat (2009-2012), kirol dantza, ziklo indoor, bodytraining, pilates edo piraguismo ikastaroak ere egongo dira.

 

Kiroldegiko bazkide egiteko aukera andana

Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegiak bazkidetza aukera ugari eskaintzen ditu:

  • Kiroldegi osoko bazkidetza (udako igerilekua, giharretze gela eta igerilekua barne)
  • Kiroldegiko bazkidetza (Igerilekua eta giharretze gela)
  • Igerilekuko bazkidetza
  • Gihar gelako bazkidetza
  • Udako igerilekuko bazkidetza

Era berean, bono mota ezberdinak ere badaude aukeran: banakakoak, banakako gaztea, familiarra, banakako jubilatu-pentsiodunak, edota jubilatu-pentsiodun familiarra. Urte osokoa edo denboraldi ezberdinetako bazkidetzak egin daitezke. Informazio gehigarria www.lazkao.eus webgunean dago eskuragarri.

 

Udako igerilekua ekainaren 5ean zabalduko da

Kasu honetan ere, herritarrek bono desberdinak izango dituzte aukeran:

  • Banakako heldua - 57,85€
  • Banakako gaztea - 28,75€
  • Banakako jubilatu edo pentsioduna - 43,30€
  • Familiarra - 84,40€
  • Jubilatu edo pentsiodun familiarra - 63,15€

 

lazkao udara 2021 triptikoa ok page 002

lazkao udara 2021 triptikoa ok page 001