• Areria Aretoan zine emanaldietan edukieraren herena bete ahalko da gehienez, pertsonen arteko metro bateko segurtasun eremua bermatuz, eta kiroldegian zein eraikin publiko orotan garbiketa zerbitzua indartuko da.
  • Koronabirusa prebenitzeko eta bere hedapena saihesteko gomendioak betetzeko deia egin du Udalak.

Ostiral eta larunbat honetan, martxoak 13 eta 14 hurrenez hurren, ospatzekoak ziren Oin Arin Dantza Taldearen ‘Iraganaren Lorratzak’ ikuskizunaren emanaldia eta VII. Goierri Rallysprinta atzeratu dira Koronabirusagatik. Rallysprintaren bueltan antolatutako ekitaldi guztiak ere bertan behera gelditu dira. Data berria aurrerago zehaztuko da epidemiaren eboluzioaren arabera.

Horrez gain, Lazkaoko Udalak adierazi duenez, Areria Aretoan zine emanaldietan edukieraren herena bete ahalko da gehienez, pertsonen arteko metro bateko segurtasun eremua bermatuz, eta kiroldegian zein eraikin publiko orotan garbiketa zerbitzua indartuko da. Bertan behera geratuko dira ere, Pausoka egitasmoa eta adinekoen soinketa taldea.
Eusko Jaurlaritzak hala aginduta, gainera, Orobione jubilatuen elkartea eta ikastetxeak itxita egongo dira 15 egunez.

Koronabirusa prebenitzeko eta bere hedapena saihesteko gomendioak betetzeko deia egin du Udalak:

1. Sarri garbitu eskuak urarekin eta xaboiarekin: mukiak kendu edo doministiku edo eztul egin ondoren; komunera joan ondoren; elikagaiak jan edo manipulatu aurretik; animaliekin kontaktua izan ondoren; gaixo dagoen norbait artatu aurretik eta ondoren; edota esku zikinak dituzun guztietan.
2. Eztul edo doministiku egitean ahoa estali besaurrearekin edo mukizapi batekin.
3. Erabili eta botatzeko mukizapiak erabili, eta, ondoren, zakarrontzira bota.
4. Arnas-sintomaren bat izanez gero eta arrisku-eremu batera bidaiatu baduzu, etxean geratu eta deitu 900 20 30 50.

Udaletxeko logoa