Lazkaon Elkarteak eta Lazkaoko Udalak antolatu duten erakusleiho lehiaketa martxan dago.

Parte hartu duten denden artean erakusleihorik politenaren aukeraketan herritarrek parte hartu ahal izango dute, eta dagoeneko botoa emateko aukera ere badago. Bi aukera daude botoa emateko: udaletxean dagoen kaxan txartela sartuta, edo Lazkaon elkartearen Facebook orrian, mezu pribatu bat bidalita. Botoa emateko txartelak dendetan bertan eskuratu daitezke, gutxieneko erosketa baten truke.

Abenduaren 23ra arte egongo da botoa emateko aukera. Hilaren 26an egingo da kontaketa, eta hilaren 27an emango da jakitera zein den irabazlea. Udaletxean egingo da sari banaketa, 13:30ean.

Herritarrez gain, udaleko zein elkarteko ordezkariek ere parte hartuko dute erakusleihorik politenaren aukeraketan. Udaleko eta Lazkaoneko ordezkari bakoitzak 10 saltoki gustokoenen zerrenda bat egingo du, 1-etik 10era arteko botoa emanez erakusleiho bakoitzari. Erakargarritasuna, argiztapena, originaltasuna eta sormena hartuko dute kontuan. Herritarren boto gehien jasotzen duten saltokiekin beste zerrenda bat egingo da. Zerrenda guztietako botoak batu egingo dira eta boto gehien duena izendatuko da irabazle.

Boto gehien jasotzen dituzten hiru saltokiek diploma eta produktu sorta jasoko dute. Bozketan parte hartzen duten herritarren artean, berriz, 400 euroko erosketa bale bat eta 150 euroko lau erosketa bale zozkatuko dira. Baleak abenduaren 27tik urtarrilaren 5era bitartean erabili ahalko dira, lehiaketan parte hartu duten dendetan.