Lazkaoko Udalak 7.679.842 euroko aurrekontua onartu du 2019 ekitaldirako.

Aldi berean, eta 2018ko aurrekontuen kargura, 4.200.000 euroko kreditu aldaketa ere onartu du. Kreditu aldaketa honekin, datozen urteetan kiroldegiaren birmoldaketaren bi fase berri gauzatu ahal izateko partidak izendatu dira. Zehazki, igerileku estali berria eta igerilekuko aldagela berriak egokitzeko partidak izango dira. Lan hauek egiteko epea ekitaldi bat baino gehiagokoa izango da, lanak hasten direnetik amaitzen direnera 18-20 hilabete behar izatea aurreikusten baita.

Kiroldegiko lanekin batera, 2019ko ekitaldiko beste proiektu nagusi bat, diru kopuruari dagokionez, Gurutzeko urbanizazioa berritzeko proiektuaren 3. fasea izango da. Proiektu hau, lur azpiko garaje gehiago eraikitzeko proiektuarekin batera gauzatzea da Lazkaoko Udalaren nahia.

Lan hauen exekuzioa datorren urte amaieran hastea aurreikusten da, Gurutze 1-2 guneko urbanizazioa eta lur azpiko garajeak amaitutakoan. Urbanizazio lan hauen kostua 875.000 eurokoa izatea kalkulatzen da.

Legealdiko lehentasunak

Aipatutako bi proiektuez gain, 2019ko aurrekontuek orain arte legealdian markatutako lehentasunen eta lan ildoen bidetik jarraituko dute. Gizarte zerbitzuetara eta jarduera ekonomikora zuzendutako laguntzak mantendu egingo dira, eta baita etxeen alokairurako gazteei zuzendutako 20.000 euroko diru laguntza ere.

Urtean zehar ahalik eta agendarik erakargarriena eskaintzeko esfortzua egiten jarraituko du udalak datorren urtean ere. Aldi berean, herriko eragileek antolatzen dituzten ekitaldietarako diru kopurua ere handitu egiten da. Guztira, 50.000 euro
bideratuko dira horretarako.

Bide beretik egingo da kirol alorrean ere. Azken urteetan kirol jarduerek izan duten bilakaeraren jakitun, datorren urterako diru laguntzen zorroa ere handitu egingo da, eta 36.000 eurokoa izango da.

Aipatutakoez gain, eta azken urteetan bezala, honako beste egitasmo hauek ere gauzatuko dira 2019ko aurrekontuaren barruan, denak gaur egungo ingurunea eta herriko ekipamenduak mententzera eta hobetzera bideratuta:

  • Azken bi urteetan egin den lanari jarraipena emanez, herri argiteria LED sistemara egokitzen joateko 50.000 euro bideratuko dira.
  • Lazkaoemendiko Lartxai elkarteko frontoi txikiaren aurrea txukuntzeko eta umeentzako jolasak jartzeko 25.000 euro.
  • Landa lurreko argiteriaren berritze lanak egiten hasteko 20.000euro.
  • Udalaren zein herritarren beharrei erantzuna eman ahal izateko udaletxeko bilera gelen egokitzapenerako 40.000euro.
  • Kultur etxean egokitzapenak egiteko 35.000euro.
  • Orobioneko ileapaindegiko egokitzapenetarako 10.000euro.
  • Haur parkeetako hobekuntzak, eta hala badagokio, parkeren bat estaltzeko 150.000euro.
  • Oinezkoen ibilbideak eta bertako irisgarritasuna hobetzeko, Hirigoien kalean, Zubizkitza aldeko urbanizaziorako 220.000 euro, eta Mikelar 4-5 etxe sarrera ingururako 96.000euro.
  • San Jose auzoko berdeguneak atontzeko 15.000 euro.
  • Futbol zelaiko aparkalekua txukuntzeko 30.000euro.
  • Kiroldegiko muskulazio gela handitzeko eta egungo kantxako teilatua berritzeko 85.000euro. Kiroldegiko gihartze gelarako makinaria berria erosteko 40.000euro.
  • Beneditarren artxiboan espazio beharrei erantzuteko 15.000 euro.
  • Igerileku estali gabeko zoruan hobekuntzak egiteko 20.000euro.
  • Kiroldegiko frontoiaren erabilerari etekin gehiago ateratzeko helburuarekin, ezker pareta mugikor baten diseinurako 10.000euro.
  • Iturgaitzagako eta Larreategiko guneetan garatzen ari den urbanizazioan, udalari dagokion portzentajeari aurre egiteko, 185.000 eta 80.000euro.