Goitur Goierriko Turismo Agentziak jakitera eman duenez, aurtengo udan Goierrin bisitan izan den turista kopuruak %0,4 egin du gora iazko udarekin alderatuta.

Guztira, 15.766 pertsona egon dira bisitan eskualdean uztailean eta abuztuan. Kopuru hori eskualdeko bederatzi turismo bulegoetan jasotako datuak dira (Ataun, Beasain, Idiazabal, Lizarrausti, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zegama eta Zerain).

Batez ere kataluniarrak izan dira eskualdean bisitan, eta haien ondoren Valentzia erkidegokoak eta madrildarrak. Ceuta kenduta, Espainiako erkidego guztietako bisitariak izan dira aurten Goierrin. Aurten lehen aldiz Galiziarrak ere izan dira bisitan Goierrin. Atzerritarrak ere ugari izan dira. Frantzia, Alemania, Holanda eta Estatu Batuetatik etorri dira, gehien bat. Egun pasa eskualdera etorri diren bisitari kopuruak nabarmen egin du gora aurten.

Batez beste, 4-5 egun igaro dituzte turistek eskualdean. Abuztuan %78ko okupazioa izan dute nekazalturismoek, eta hotelen eta pentsioen kasuan %87koa izan da.

Aurrez egindako lanaren emaitza

Goiturrek hainbat urte daramatza bidai agentzietan eta errezeptiboetan Goierri “saltzen”, eta egindako lanaren emaitzak nabarmenak dira dagoeneko. Goiturretik zehaztu dutenez “uda honetan ugaritu egin dira horiekin lortutako hitzarmenei esker etorritako taldeak”. Kontuan hartu behar da talde hauetako bisitarien kopuruak ez daudela lehen aipatutako kopuruan sartuta, “talde hauek zuzenean beraien gida turistikoekin etortzen baitira, turismo bulegoetatik pasa beharrik izan gabe”.

Donostia-San Sebastián Turismo Erakundeko bazkide ere bada Goitur, eta Donostiako hainbat turismo bulegotan Goierriko informazioa ere banatu da aurten. Horrez gain, diptiko eta mapa berriak ere argitaratu ditu Goiturrek, eta Gipuzkoako turismo bulegoetan egon dira eskuragai. Hainbat azokatan ere parte hartu du turismo erakundeak, eta hainbat komunikabidetan ere promozionatu dute eskualdea eta Basque Highlands marka.