Lazkaoko San Benito ikastolan Agenda 21 programaren barruan Lurzorua gaia landu dute aurten ere, iaz hasitako lanketari jarraipena emanez. Gaia ikuspuntu ezberdinetatik landu dute, maila guztietan.

Felix Urkola Lazkaoko Alkateari azaldu diote egin duten lanketa eta gaiaren inguruan zein ardura hartzen dituzten. Lazkaoko Udalak egin beharreko hainbat lan edo eginkizun ere proposatu dituzte.

LH2ko ikasleek herri barruan, lurrarekin eta lokatzarekin jolasteko zein aukera dituzten aztertu dute. Herriko parkeetan egin dute lanketa, eta herrian parke ugari dauden arren hainbat gauza falta direla uste dute: jolas handi gehiago eta txikientzako tresna gehiago, jolasgarriak diren berdeguneak edo arezko guneak, zuhaitz gehiago, txakurrak ez sartzeko txartelak…

LH3n herriko gune eraikigarriak, berdeguneak eta landa zelaiak aztertu dituzte. Lazkaok berdegune asko duela ondorioztatu dute, baina gehienak mendian daudela. Herri gunean berdegunen falta dagoela uste dute. Baratzeak, baratza lantzeko teknikak, 0 kilometro filosofia eta zuzeneko salmenta ere landu dituzte.

LH6n Infatadoko Dukearen parkeak duen egoera aztertu dute eta hainbat proposamen egin dituzte: arriskutsuak izan daitezkeen hainbat gune identifikatu dituzte (errekara jaisteko eskailerak falta dira, hainbat zuhaitz puskatuta daude, zakur askeek ikasle asko beldurtzen ditu…), zakarrontziak falta direla ikusi dute, iturria ez dago egoera onean, hainbat altzari puskatuta daude… Ikasleak prest agertu dira zuhaitz bakoitza identifikatuko duen kartelak jartzera, eta brigada talde bat sortu eta basoa txukuntzera. Parkea zaindu ahal izateko eta behar bezalako erabilera emateko, ixteko aukera aztertu beharko litzakeela adierazi diote alkateri.

DBH-n Arau Subsidiarioak izan dituzte lanketa gai. 1 eta 2 mailetan herriko lurrak eta haien mugak aztertu dituzte. Lazkaoko lurrak hiru kategoritan banatzen direla ikusi dute: hiri lurzorua, lurzoru urbanizagarria, eta lurzoru urbanizaezina. Hala, lehen bi mailetan, Harizti futbol zelaia eta Harizti Haundi parkea aztertu dituzte, eta 3. eta 4. mailan futbol zelaia eta Infantaduko parkea.

Batxilergoko ikasleek ere egin dute lanketa, eta Lazkao herria kokatuta dagoen lurzoruan egon zitekeen klimax komunitatea aztertu dute, herriko landareri
potentzialean zentratuta. Errekako ertz guztiak okupatuta daudela ikusi dute, eta inbasiorik ez dagoela. Herrigunean, lurzorua estaligabe duten eremuak oso eskasak direla ere ikusi dute. Lanketa amaitzeko herriko basoen inbentarioa ere egin dute.

UDALARI EGINDAKO PROPOSAMENAK:

  • Herrigunean berdegune gehiago eta jolas espazio “natural” gehiago eraikitzea.
  • Berdeguneak jolas leku moduan ere erabilgarriak izatea.
  • Ikastolan edo inguruan Eskola Baratza jartzeko eremu bat atontzea.
  • Infatadoko parkean: hesiak konpontzea, ibaira jaisteko eskailera konpontzea, ibai ertzeko bidea txukuntzea, hormigoizko bidea kentzea eta ezin bada ertzak borobiltzea eta urari azpitik bidea zabaltzea, bankuen mantenua egitea, iturrira joateko bidea egitea eta dopositoa txukuntzea, zakarrontzi gehiago jartzea, txakurren kakak jasotzeko poltsa gehiago jartzea, zuahitzei izena jartzea, jolas dibertigarriak jartzea (tirolina bat, slack-lineak…), mahaiak jartzea, haurrentzako jolaserako eremu bat egokitzea eta kirol gune txiki bat egokitzea.
  • Harizti futbol zelaian atletismoko pista egoki bat jartzea.

IKASLEEK HARTZEN DITUZTEN KONPROMISOAK:

  • Parkeak zaindu, zikinkeriarik ez bota eta pipar ez jatea.
  • Parkeetako jolas egiturak zaintzea.
  • Natura ez hiltzea.
  • Hondakinak ondo sailkatzea.
  • Konposta nola egiten den ikastea.
  • Herriko berdeguneak errespetatzea.

Aurkezpen ekitaldiko argazkiak ikusteko, sakatu hemen.