Behin Agauntza erreka eta Gurutzeko 1-6 dorreen arteko eremuan urbanizazioa berritzeko lanak amaituta, Gurutze 1-2 pareko plazan lur azpiko garajeak eraikitzeko eta inguru horretako urbanizazioa berritzeko proiektua eta kontratazio espedientea onartu zituen Lazkaoko Udalak maiatzeko osoko bilkuran.

2016. urtean, Gurutze auzoan lur azpiko garajeak eraikitzearen bideragarritasuna kontrastatze aldera, garajeak eraikiz gero, herritarren aldetik garaje horiek eskuratzeko egon zitekeen interesa ezagutzeko prozedura jarri zen martxan. Garajeren bat erosteko interesa adierazi zuten pertsonekin zerrenda bat osatu zen.

Une hartako erantzun positiboa ikusirik, abian ziren proiektuak idazten amaitu, eta garaje horiek eraiki ahal izateko beharrezko ziren kudeaketa lanak egin dira gerora.

Bide berean, izena eman zuten pertsona guztiekin harremanetan jartzeko saiakera egin du udalak aurten, orduko asmoak konfirmatzen ziren ziurtatzeko. Eginiko bigarren erronda honek, orduko norabidea konfirmatzeko balio izan du, eta Gurutze 1-2 gunean garajeak eraikiko balira, garaje horiek erosteko prest legoken erosle kopurua konfirmatu egin da.

Ezaguna den bezala, Gurutze 1-6 arteko urbanizazioa berritzeko lanak, batez ere, bere osotasunean batera gauzatzeak sortuko lituzkeen arazoak eta duten kostua kontutan hartuta, lau fase ezberdinetan banatu dira. Lehenengo fase bati, Gurutzeko 1-6 dorreen eta Agauntzaren arteko urbanizazioa berritzeko lanekin, amaiera eman zaio.

Orain, maiatzeko osoko bilkuran onartutako akordioarekin bigarren fase bati ekin nahi zaio, Gurutze 1-2 eremuko lanei, zehazki.

Hurrengo pausoak

Lazkaoko Udalak lehiaketa bateratua egingo du, urbanizazio lanak egin eta garajeak eraikitzeko prest dauden enpresak aurkeztu daitezen:

  • Lazkaoko Udalak, urbanizazioa berritzearen kostu guztiak ordainduko ditu.
  • Garajeak eraikitzeko kostuei aldiz, aurkezten den enpresak egin beharko die aurre. Horretarako, nahitaezkoa izango da garaje horiek saltzea.

Proiektua gauzatzeko interesik duen enpresarik aurkeztuko balitz lizitaziora, eta eskatutako baldintzak bete ondoren obrak adjudikatuko balira, garajeak erosteko interesa dutenei zuzenduta, izena emateko epea berriz irekiko litzateke. Aurrez bere interesa agertu dutenek ere, berriz eman beharko lukete izena. Kasu honetan, adjudikatutako enpresaren ardura izango da izen emate horren kudeaketa egitea.

Izena emateko baldintzak, ordea, orain artekoak izango lirateke:

  • Lazkaon erroldatuta egotea edo Lazkaon jarduera ekonomiko bat izatea.
  • Garajeen gehienezko prezioa 21.500€ + BEZ izango da.

Obren esleipendunak horretarako duen epean, garajeen %75 salerosketa kontratu baten bidez bermatzeko aukerarik izango ez balu, hau da, erosleen eskaera ez bada kopuru horretara iristen, esleipendunak aukera izango du, atzera egin eta prozesua bere horretan eteteko. Kasu honetan udalak erabaki beharko du prozesua berriro martxan jarri edo beste bideren bat hartu.

Aldiz, garajeen bideragarritasuna posible egiten duten erosle nahiko egongo balitz, prozedurak aurrera jarraituko luke, eta hortik aurrera, zortzi hilabeteko epea izango luke garajeak eraiki eta urbanizazioa amaitu ahal izateko.

Fase honetan, Gurutze 1-2 eremuan, lurrazpiko 34 garaje eraiki ahal izango dira. Udalak aurre egin behar dien urbanizazioa berritzearen lanen lizitazio kostua, berriz, 816.635 eurokoa da.