Ate joka daude dagoeneko Lazkaoko San Prudentzio jaiak. Ostiralean piztuko da festen hasierako suziria, eta horrekin bederatzi eguneko egitaraua hasiko da.

Ohi bezala, aurten ere bi asteburutan banatuko dira San Prudentzio jaietako ekintzak: apirilaren 20tik 22ra eta apirilaren 27tik maiatzaren 1era. Hurrengo asteburuan, berriz, maiatzaren 5ean eta 6an, Lazkaomendiko festak ospatuko dira.

Ekitaldi anitzak antolatzeko lan egin du udalak eta festa batzordeak. Urtez urte egitarauan lekua izan duten ekintzek protagonismo berezia izango dute eta puntako musika taldeak ariko dira Lazkaon: Lazkao Txiki Musika Eskolako konbo taldeak, Mauka eta Bigbadman herriko taldeak, Liher, Governors, Unidad Alavesa edo Nogen, adibidez. Kirol ekitaldiak, haurrentzako ikuskizunak eta gastronomia lehiaketak ere egongo dira. Webgune honetako agenda atalean duzue dagoeneko eskuragarri egitarau osoa, ekintzen berri sakonago izan dezazuen.

Festen hasierako suziria Lazkao Txirrindulari Elkarteak piztuko du aurten. 75 urte dira herriko txirrindulari proba antolatzen hasi zirenetik, eta udaletik urte hauetan guztietan egin duten lana eta esfortzua eskertu nahi dugu aukera honekin. Orain arte bezala jarraitzera ere animatzen die Lazkaoko Udalak.

Herriguneko festa egunen ondoren, Lazkaomendiko festak hasiko dira. Maiatzaren 5ean eta 6an izango dira eta, ohi bezala, haurrentzako jolasak, puzgarriak, pailazoak edo buruhandiak egongo dira; Lazkaomendiko 42. txirrindulari proba ere jokatuko da, bertsolariak eta trikitilariak egongo dira eta urteroko herri afaria eta herri kirol saioa ere egongo da.

Festak denontzat festa izan daitezen, ordea, Lazkaoko Udalak hiru mezu zabaldu nahi izan ditu aurten ere. Batetik, udalak argi utzi nahi du Lazkaon ez dela inolako erasorik onartzen. Lo dauden bizilagunekiko errespetua ere eskatzen du, eta alkohol kontsumo arduratsuaren aldeko deia ere egiten du. Hiru mezu horiek oinarri hartuta kontzientziazio kanpaina berezia egin du aurten ere udalak festen atarian. Herriko komertzio eta tabernetara hiru mezu hauen inguruko kartelak banatu dira, jai egunen aurretik hausnarketa egitera animatuz.

Festen atarian San Prudentzio jai on batzuk pasa ditzazuela opa die Lazkaoko Udalak herritar guztiei eta baita kanpotik gerturatuko diren guztiei ere.

Gogoratu, 2018ko San Prudentzio jaietako egitaraua www.lazkao.eus helbidean eskuragarri dagoela, bai deskargatzeko eta baita edozein unetan kontsulta egiteko ere.